XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

b) Liberalismoa zer, funtsean.

- Aintzinako Erreximena.

- Frantses Iraultza handiaren aurreko ekonomi molde eta gizarte egoera deitzen da Aintzinako Erreximena.

Izan ere, XVIII. mendearen azken aldera maila guztietara zabaltzen dira aldaketak Europan.

Frantses Iraultza (1789an) bilakatzen da garrantzi handiko aldaketa honen ardatz, zeren honek hausten bait du erreximen zaharra eta beraren sostengu ziren oinarriak deuseztatzen.

Hala nola: Erregeren botere absolutua, politikaren mailan; nekazalgoan finkaturik ekonomiaren alorrean; eta gizarte estamentala (noblezia, eliza...) pribilejioz jantziriko gizartea, sozial alorrean.

Nolanahi ere, Frantziatik hedatzen da egoera zaharra izendatzeko Aintzinako Erreximena delakoaren kontzeptua hizkuntza guztietara.

- Euskal Herriaren egoera XVIII. mende hondarretan.

- Orain, zehazki esanik, eta baldin aintzinako erreximena Euskal Herriaren barne hartzen badugu, hona zer nola zegoen geure egoera garai horretan: - Politikaz, geure foru sistema berezia ahuleziak jota.

- Ekonomiaren alorrean: laborantza, bai lurraren propietateari buruz, bai-eta lurraren emaitzari dagokionez, handikien kontrolaren pean; burdingintza nahiz untzigintza (aintzinako gure industria motaren adar nagusienak) beherakadan.

- Gizartearen aldetik, handiki jauntxoen (lurrandidunen eta merkatarien) zapalkuntza, eta laborari-eskulanginen ezin bizia.

Oroit esaterako, lehen matxinada (Bilbon, 1718an) eta bigarrena (1766an, Gipuzkoan).

Eta berebat gertatzen zen Lapurdi eta Zuberoan ere.

Ez da ahantzi behar, beti ere borbondar monarkiaren absolutismoa, eta ohar borbondarren dinastia berbera zela nola Frantzian hala Espainian agintearen jabe garai honetan.

Bestalde, burgesiaren sortzea da, ingurumundu honetan, fenomenorik nagusiena, hots, klase bezala burgesia gorputza hartzen ari den fenomenoa.

- Liberalismoaren ideologia.

- Borbondarren absolutismoaren eta zentralismoaren aurka eraikitzen da burgesiaren iraultza liberala, liberalismoa deitu ideologian oinarritzen delarik.

Hona zertan nabari izan zen bereziki liberalismoaren eragina: - Estatu kontzeptu berria.

Erregeren ordainez, herriak behar du nazio soberano.

Horregatik, Errepublika deitu gobernu sistema proposatzen, edo bederen erregeren agintea mugatzen (Konstituzioa).

- Gizarte berdintasuna aldarrikatzen, handikien nahiz Elizaren pribilejio oro kenduz.

Antiklerikalismo handia.

- Ekonomiaren alorrean, askatasun osoa bilatzen da.

Arazo honetan, Estatua bera ere ez daiteke sar.

- Harmadaren ber-antolamendua.

Harartean, handikien egitekoa bereziki izan zen gudaritza, ez herriarena.

- Administralgoa departamenduetan finkatzen da Frantziaren kasuan, probintzietan Espainian, eta zergak biltzeko prozedura berriztatzen.

Funtsean, geroxeago baina, Frantziaren kopia baizik ez zen izan Espainiaren prozesua.

Dena den, Liberalismoa, Industria Iraultza eta Nazionalismoa izango dira gizarte berriaren hiru faktore nagusienak, eta ororen gainetik, klase berri bat heltzen da agintera: burgesia.

Hori horrela, 1794an Aginte Batzarrearen frantses gerlan (konbentzio gerlan alegia), Gipuzkoa Espainiarengandik at, Frantziari atxikitzeak eta errepublika koxkor bilakatzeak, ez zuen beste zentzurik, liberalismoaren eta merkatal burgesiaren obra izan bait zen.

Are gehiago, Napoleonen gerla (1808an) eta Cadiz-ko Gorteak nahiz Konstituzioa (1812an), Espainiaren kasuan, eta probintzien antolamendua, eta zerga berrikuntza edo aduanen leku aldatzea liberalismoaren fruitu baizik ez ziren izan.